Gaur ehun urte jaio zen Koldo Mitxelena, Euskal Herriak eman
duen hizkuntzalaririk handiena. Martin Ugaldek (“Hablando con los vascos”) eta
Eugenio Ibartzabalek berari eskaini zion liburuan elkarrizketa luze bana egin
zioten, baina Koldo Mitxelenaren bizitza txiki sentiarazten gaituzten
horietakoa da eta biografia lodikote bat idazteko balioko luke.
Baluke biografia horrek aro epiko bat, gerrari dagokiona.
Hogeita bat urterekin joan zen gudari, uniformearen ordez buzoa eta fusilaren
ordez eskopeta bat zeramala, eta sorterritik gertu, Usurbilgo Andatza mendian,
jaso zuen suaren bataioa. Bere kideek kontatzen dutenez, Bizkaiko lubakietan,
fusila zuen dagoeneko eskuetan, baina sakelan latinezko gramatika bat eta
Lizardiren poema liburua zeramatzan gordeta eta tiro saioen artean,
atsedenaldietan, bi liburu horietako bat irakurtzen aritzen zen. Santoñan preso
hartu zutelarik, heriotzara kondenatu zuten. El Dueson, Larrinagan eta Burgosen
egin zuen espetxealdia.
Saiatu zen ikasketa unibertsitarioei heltzen, baina ezinezkoa
izan zuen. Burgosen igaro zituen bost urteak latina, grekoa, frantsesa eta
ingelesa ikasteko baliatu zituen. Errenteriara itzuli eta zituen aurrekari
penalak tarteko ezinezkoa zitzaion lan finko bat aurkitzea. Eskualdeko
ikastetxeetan latina, matematikak eta zernahi den erakusten ibili ondoren
herriko enpresari batek Madrilen eskaini zion lana, baina Galeuska
berrantolatzen hasi zirela-eta, bigarrenez eraman zuten espetxera. Baluke,
beraz, biografia horrek atal bat klandestinitateari eskainia ere, arriskuz eta
intrigaz josia, ezezagunagoa.
1948an atera zen kartzelatik, Matilde Martinez de Illarduyarekin
ezkondu eta libretik matrikulatu zen Madrilgo Unibertsitate Zentraleko
Filosofia eta Letrak fakultatean. Ohitua zegoen Koldo Mitxelena lan eginez
ikasten, Batxilergoa ere horrelaxe bukatu baitzuen 1935ean. Ohorezko
aipamenarekin atera zuen lizentziatura. Manuel Agud Querol filologoak
elkarrizketa batean esan zuenez, unibertsitate horren historian matrikula
librearekin lortutako ohorezko aipamen bakarra izan zen. Ordurako Madrilen
jarrera arras ezberdinetako jendearekin harreman estuak zituen unibertsitate
giroan, Antonio Tovar, Amoros, Manuel Agud Querolekin berarekin, hiru bakarrik
aipatzearren.
1952an euskaltzain
«Lubakietan latina eta espetxean hizkuntzak ikasitako
hizkuntzalaria zen, neurri handi batean autodidakta, beraz. Jakituria zabala zuen
eta jakin-min izugarria. Nire anaia Xabierrek Ekonomia ikasi zuen Bilbon eta
bazuten Analisi Matematikoak ematen zuen irakasle bat. Harekin joan omen ziren
behin multzoen teoriari buruzko hitzaldi batera eta han agertu omen zen
Mitxelena izeneko tipo bat, galderak egiten hasi eta bertan bildu zirenei mila
buelta ematen zizkiena. Oso ikuspegi zabala zuen. Chomsky ere berak ekarri zuen
inguru hauetara. Hizkuntzalaritza teorikoan, metodo konparatiboan,
protohizkuntzei buruz egin zituen lanak atzerrian irakurri egiten zizkioten.
Pertsonaia apasionantea da Mitxelena», dio hura ezagutzeko arrazoi asko dituen
Ibon Sarasolak, harekin lanean urte asko emandakoa baita.
Euskararen arloan etapa berri bat zabaldu zuen Mitxelenak,
Sarasolaren ustez: «Mende hasieran euskalaritza mugitzen hasi zenetik bi
eratako jendea zegoen gure artean: euskara ondo ezagutu bai baina
hizkuntzalaritza eguneratu gabe zutenak, batetik; eta bestetik,
hizkuntzalaritzan punta-puntan zebiltzanak baina euskara menderatzen ez
zutenak. Mitxelenak formazio zientifikoa eta euskararekiko ezagutza batu
zituen».
Mitxelena 1952an sartu zen Euskaltzaindian eta oso urte gutxira
Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés hiztegiaren bigarren argitalpena
prestatzeko agindua eman zioten. «Agindu hori zela medio hasi zen Mitxelena
hiztegigintzan. Bera bigarren edizioa prestatzen ari zela, Retanak lehena bere
horretan atera zuen euskaltzain bakan batzuen laguntzarekin eta orduan erabaki
zuen Euskaltzaindiak zerotik hastea. Nik 70 inguruan ezagutu nuenerako urte
asko zeramatzan Orotariko Euskal Hiztegia osatzeko fitxak egiten. Zapata kaxa
pila zuen fitxaz beteta. Handik urte batzuetara gure taldera errenteriar bat
sartu zen, Fermin Larrea izeneko informatikari oso on bat, eta fitxak ikusi
zituenean harrituta geratu zen. ‘¡Si Matilde nos invitaba a merendar y nos
ponía a confeccionar estas fichas!’ esaten zuen, nonbait liburu eta
aldizkarietako testuak itsatsi behar izaten zituzten orrietan. Koldo Mitxelenak
berak mozten zituen eta emazteak jartzen zuen jendea fitxak egiten. Gero, fitxa
horietako bakoitzean aurkitzen zituen beste hainbat erreferentzia kopiatuz
joaten zen eta azkenean ez zegoen hura ulertuko zuenik. Alde horretatik oso
kaotikoa zen, fitxa bakoitzean dozena bat gezi jartzen zituelako eta beste
hainbat erreferentzia. Informatikaren erabilerak berrikuntza bat ekarri zuen,
baina garrantzitsuagoa izan zen Mitxelenaren planteamendu berritzailea,
euskarazko testu produkzio osoa hartu baitzuen Orotarikoak», dio Sarasolak.
Nola zegoen hiztegigintza une horretan Europan? Sarasolaren
ustetan, ikuspegi eta bitarteko hauekin hiztegi bat egiten lehenetakoak izan
ginen, «halaxe suertatu zelako».
Gandiagarekin kantuan
Salamancan urtebete eman zuten elkarrekin, etxe berean biziz,
eta Gasteizen EHUren sorreran ere elkarren ondoan ibili ziren. Euskara batuaren
sorrerako batzarretan ere elkarrekin ziren. «Bera EAJko guardia zaharrekoa zen
eta kontuan izan behar da alderdiko jende gehiena kontra izan zuela. Gerora,
Eusko Jaurlaritza eratzen denean egia da ez zela izan zalantzarik, baina
horretan pertsona giltzarria Pedro Migel Etxenike izan zen. Garaikoetxeak
Etxenike Kulturan jarri beharrean guardia zaharreko beste norbait jarri izan
balu, euskara batua ez zen aurrera aterako, irakaskuntzari esker atera zelako
aurrera neurri handi batean. Ondoren, ‘Deia’-k eta ‘Egin’-ek batuaren aldeko
hautua egin zuten eta horrek ere eragin handia izan zuen», gogoratu du
Sarasolak.
Arantzazuko batzarretara Arestirekin joaten ziren Sarasola eta
Saizarbitoria. Eta han zegoen tentsioaz gogoratzen da orain. Giroa pixka bat
baretze aldera behin Gandiagak kantuan jarri omen zituen. Euskaltzain ez gutxi
kontra zeuden. Egoera hain muturrera iritsi zen, non horietako bat, Anizeto
Zugasti apaiza, erakundetik botatzera iritsi ziren. «Interesgarria izango zen
batzar horietako kronika humanoak egin izan balira», dio.
Gutxiago, baina Anjel Lertxundik ere harreman dezentea izan zuen
Mitxelenarekin eta harreman estuagoa bere obrarekin, haren euskarazko prosaren
antologia bat prestatu baitzuen “Koldo Mitxelena gure artean” izenburuarekin.
«Batuaren aurretik batuaz idazten zuen berak, ortografia mailako huskeria
batzuk gorabehera. Aresti euskara baturako proposamen bat lantzen ari zen
bezalaxe, Lizarragan oinarritua, izen-abizenak jartzen hasita, Koldo Mitxelenak
etiketarik erabili gabe baina praktikan proposamen bat plazaratu zuen, hain
zuzen ere gero aurrera aterako zen bidea», dio Lertxundik.
«Bere idazteko ereduak erdarazkoak ziren noski, baina
diskurtsoak euskarara ekarri eta erritmo bat ematen saiatzen zen eta asmatu
egiten zuen, hain zuzen ere oraindik asmatzen ez dugun horretan: diskurtso luze
batean hizkuntzak berak ematen dizkigun arnasaldiak aurkitzen. Jario itxuraz
natural hori lortzen zen oso ona», gogoratu du.
Zinema eta literatura ziren Koldo Mitxelenaren arlo kutunetako
bi. Gogoratu behar da Donostiako Zinemaldian epaimahaiko izan zela 80ko
hamarkada hasieran. Literaturaz ere, bestalde, «oso jantzia zen. Nik askotan
esan izan dut bere ‘Historia de la literatura vasca’ liburuan ez dagoela esaldi
bakar bat sobera, ez dago batere erretorikarik eta lehendabiziko aldiz euskal
literatura Europako testuinguruan kokatzea lortzen du, gure produkzioa garaian
garaiko mugimendu eta korronteen baitan jarriz. Harrigarria da zenbat
informazio zuen garaiko literaturaz».
Koldo Mitxelena ezagutu zuten guztiek bezala, Anjel Lertxundik
ere hari buruzko hainbat pasadizo kontatzen ditu. Ramon Piñeiro galegistak
kontatu omen zion iheska ibili zen batean Koldo Mitxelenari deitu eta honek
nola lagundu zion gauez Bidasoko muga pasatzen. Sekulako izotza egiten omen
zuen eta larrialdiak igaro omen zituzten oinetakoekin hotsak ateratzen
zituztelako pauso bakoitze
No hay comentarios:
Publicar un comentario