viernes, 21 de agosto de 2015

H-AREN AUZIAZ

Koldo Mitxelena eta Martin Ugalde "h"-az eztabaidan, 1970eko elkarrizketan
2015-08-20
 1      0

Koldo Mitxelena (Errenteria, 1915 - Donostia, 1987) euskara batuaren sortze prozesuan eragile nagusia izan zen.
Koldo Mitxelena hizkuntzalaria jaio zela ehun urte bete direnean, Martin Ugaldek 1970ean egin zion elkarrizketa ekarri dugu hona. Zeruko Argia aldizkariaren 394. zenbakian argitaratu zen:
Joan dan Batasuna VII-an agindu bezela, emen dakart izketaldi sail honeri bukaera emateko egiña izan zan elkar-izketa.
Galde-erantzunetan asi baiño lehen, oarpen batzuk egin nahi ditut:
1) Lafitte jaunaz aritu nintzan lan hortan adierazi nahi izan nuanez, gehien bat Mitxelenak gertatutako lanaren azterketan ez zuan Mitxelena berak eskurik sartu nahi epaitua-epaille bezela agertzeko ardura zuzenez, noski; ala ere, ez zitzaidan auzi hontan gora eta behera ahotan erabillitako gizonari bere itza eman gabe uztea ondo iruditzen; egia esan? Mitxelena jauna pixkaren bat behartu ere egin ote dudan beldur naiz? eta barkatu nazala.
2) Elkar-izketa hau ez da egin berria; joan dan Aste Santuko opor-aldiak Mitxelena jauna erriratu zigunean joan nintzaion artu-eman hau izateko Errenderira, eta ez orduan bertan argitaratzeko asmoz, bere honetaratze hau ez galtzeagatik baizik; gero, nola sail honen agerraldiak banakatuak urtetzen joan diran, nere lantxo honi bere garaia eldu aurretik udako opor-aldiak ekarri du berriz Mitxelena jauna Paristik gure errira, eta orain nere kezkaz (Euskaltzaindiko aldaketak, Batasunaren kutxa ager berria danez gero e. a.) galdetu diot, ia, ba, egin genduan lana berritu, gaurkotu, beharko gendukeen; "ez" esan dit, "zurea dagoen dagoenean uztea eta horrela argitaratzea obea dala uste dut; ez litzake zuzen, nik uste, orduan esan nizkizunak orain aldatzen astea; eta zuk eskubide osoa duzu jaso zenituenak jaso zenituen bezela emateto"; alaxe egin dut.
3) Azkenik argi utzi nahi dudana hauxe da: sail hau asteko eragin ziran giro eta asmoetan egindako elkar-izketa dala; elkar-izketa hau gaur berriz egin behar bagendu, beste batzuk izango lirake nere galderak eta besteak izango lirake, noski, Mitxelena januaren erantzunak; argitasun hau zor diot Koldo Mitxelenari eta baita sail hontako lanei jarraitu dieten Zeruko Argiako irakurleei ere.
Iru oartxo hoiek egin eta gero, goazen arira.
Mitxelena jaunak ez du nere aurkezpen beharrik, baiña gaiñontzekoekin egin dutan antzeko aipamen bat merezi ere ba du eta egingo diot: Errenderiko seme ospetsu hau Madrideko Unibersidadean "Doctor en Filosofía y Letras" titulua irabazi ondoren "Seminario de Filologia Vasca Julio de Urquijo" zuzendari izana da; gero, lehen Salamancan eta orain Parisko Sorbonan irakasle da, "Real Academia de la hengua Española"koa eta beste atzerriko ele-jakintza etxe batzuetako laguna, eta, batez ere, Euskaltzaindiko lagun osoa.
Ala, eta berez ba du nonbait Euskaltzaindiaren itzal eta uste on zintzoa, eta Arantzazuko billeretako sortu zuan euskera-batuaren aldeko lanak aztertzeko batzordearen buru egiña izan zan.
Arantzazuko batzar hontatik honokoak dira gehienbat gure artean sortutako gora-beherak.
-Leben “h”-rik erabiltzen ez genduen euskeldunoi letra berri hau aurrean ikusteak pixka bat nahasketatzen gaitu- esan nion Mitxelena jaunari-. Bi galdera egin nahi nizkizuke batez ere: 1) Zergatik da “h” hau euskeraren butasunerako beharrezkoa, eta, 2 ) nola izan dira “h” hoiek sartuak?
- “H” hau artzeak zenbaiti zaildu egin dio iskuntza, eta beste batzuei erreztu -esan zidan- Hontan, Euskalerria noraiñartekoa sentitzen dugunak ba du zer ikusia: mugaz auzkoak ez ahal dira Euskalerria? Idatziz (ez naiz literaturaz ari, baizik gure arteko artuemanetan behar dugun idatzi-bide batez baizik) adierazteko izkuntza bat behar dugu. Iñun ez da idatzia eta itzegiña berdiña; gure errian ere ez. Batu behar badugu, danetik artuta batu behar dugu. Gero, nola artuak izan diran galdetzen didazu: Arantzazun izenpetu genduan agiriak dionez, bokal artekoak ondo ikustak izango lirakeela (berdinak diranean: ari (hilo) eta ahari (carnero), zar eta zahar, eta asko eta asko bereizteko eta ez diranean: ao, au, ago aba eta beste ainbeste esateko bide bakar bat artzeko: aho (boca). Honek zerbait zailduko duela mugaz onuzko euskaldunen idatzi eta irakur bidea? Alaxe da; baiñan alderdi guzietan dauzka izkuntz-idatziak zailtasunak.
- Euskaldunok pozik giñan lehen, euskeran letra bakoitzak soiñu bat, ots bat, bakarrik zualako, eta soiñurik gabeko batere ez gendualako; orain ere hontan dira gure arteko asko, eta erantzun bat merezi dute noski.
- Bai, alaxe da. Baiñan errexa ez da beti onena: letra bat, soiñu bat, gehienetan eziña da; begira, bestela, gaiñontzeko izkuntzei, eta gurea baiño ugariago mintzatuak eta idatziak dira!, eta askotan ez da hori komeni ere: esate baterako: adar, adarra; batean r erabiltzen dugu r gogorra egiteko, eta bestean rr; eta hau ondo datorkigu, ekonomikoagoa baita.
-H gabekoek, erreztasun edo ekonomi hauxe agertzen dute bere asmoaren alde- esaten diot.
-Baiñan ez ahaztu: batasunaren alde lanean ari geranean, batasuna da elburu, eta ez erreztasuna batasunaren kalterako ez danean, erreztasuna behar dugu billatu, noski, baiñan batasuna da gure jo-muga. Jokaera batek ez du bestea (eta hau batzuetan) menderatu besterik egiten, naiz eta biak, bakoitza berean, onak izan.
- Batasuna dala-ta borondate oneko euskaldun askok h hau artuko luteke, beste askok artu dugun bezela; bainan gehiegitxo ote diran pixka bat izututa daude: bi milla itzeko iztegi berria (zuk gertatu eta Euskaltzaindiaren babesean agertutako Euskera-batasuna ) daukat batez ere buruan galdera hau egiten dizudanean: ezin ahal ditzakegu h hoiek gutxitu?
- Iztegi berri hori ez da nerea bakarrik; jende prankoren lana da; ala ere nik ez dut nik dudan erantzun-beharrik ukatu nahi. Baiñan iztegi horren asieran esaten da gure lan hau ez dala saio bat baizik, eta zuzenketak egiteko gertu gaudela. Bestalde, iztegi honek ez du iñor behartzen: h erabilli nahi dutenen artean gidari bat bezela eskeiñia izan da; ordurarte amaika ba zian behar ziran baiño h gehiago erabiltzen zituztenak, eta laguntza bat bezela eskeiñia izan zan.
- Eta gidari bezela, ezin zan h hau gutxitu? -eutsi nion oraindik.
- Nere ustez gauzak era bat egin behar dira. Gure gaiñetik zegoan lege bat behar genduan, eta artu dugu: batez ere Lapurdi aldean antziñako idazleek erabilli duten era; h-ak ez dira guk jarri ditugunak, arkitu ditugunak baizik.
-Baiñan- esan nion berriz (eta baita, beldur naiz, ez-egoki xamar ere) arkitzeko erabilli ziran bide hoiek ezin ahal ziran estuagoak izan?
- Asko eta asko kendu genituan, noski. zenbait konsonanteren atzean agertzen ziran h guziak kendu ditugu. Geratu diranak beharrezkoak dirala uste dugu gure izkuntzaren bizkar-ezurrak batasunean iraun dezan. Auzia emen dago -esaten dit Mitxtelena jaunak- bakoitzak duan euskera ala danak dira euskera? Euskera batu behar ba dugu, bat egin behar ba dugu, hauxe artu behar dugu kontuan: euskera oiñarriz bat dala, eta axalez bakarrik dala berezia; eta zeri begiratu behar diogu: oiñarrizko batasunari ala axaleko ezberdintasunari?
- Bai, bakoitzak gurea dugu errezago, eta horrera, errezera, joaten gera maiz
-Noski -esaten dit Koldok- obe litzake: 1 ) euskerazko itz guziak gordetzea. aberatsago izango litzakealako; baiñan kontuan euki behar dugu aberastasun honek euskeraren eriotza daramala barruan; eta 3) euskotar guziok euskalki guziak ezagutu eta erabiltzea, baiña eziña da hau. Orduan, euskera biziko ba da, batasuna behar-beharrezkoa dugu. Zuk aitatu duzan iztegi hortan oso zabalduak dauden itz berdiñetatik bat aukeratzen dugu, ta hori da eskeintzen duguna.
- Bai, bururik eta lanik gabe ez dugu batasunik egingo.
-Nere aldetik- esaten dit Mitxelenak -alaz guztiz ere, zerbait galdetu nahi nizuke...
- Esan.
- Zure galderak, beti edo gehienetan, xede batera doaz: h kontura. Ez dut nik ukatuko auzi hori larria denik. Batasuna, ordea, ez dago horretan, ezta urrik eman ere. Askozaz ere gehiago da batasuna eta batasunera bidean ba ditugu, pilaka, hori baiño kontu larriagoak. Hori ez da, gehienez ere alde nahiz kontra jokatzeko ederki datorren bandera ikusgarria besterik.
-Ala da, noski; baiña nerez ikasi izan ahal dudanez -esan nion- h honen auzia ez da teknika eta gramatika prolema izate utsean geratu, gizarteko eta belaun-arteko politika arazo gorri bat bezela jaso dan ikurriña izatera eldu da. Nik uste, biotz-auzi hau arrazoi-auzi biurtu behar dugula, geroko batasun-lanak pozoi honen ahal dan kutsurik gutxiena eraman dezan: ara nere kezka, eta auzi hau lehen bait-lehen ahal dudan zehatzen erabakitzeko asmoa; behar ba da gerorik gabeko asmoa, aitortzen dizut zuri.
-Bai- esaten dit Mitxelenak -batasunerako eragozpenik okerrena h-ez bestekoa da: nahi ta ez, batasunik izango ba dugu, nork gure aldetik amor eman beharko dugula, puntu batzuetan batzuk eta besteetan besteak. Eta iñork ez dugu, eta bidezko da, ez gurerik utzi nahi eta ez besteerenik artu. Hori orrela izanik, hauxe euki behar genduke gogoan: euskerak, biziko baldin ba da, batasuna behar duela; euskerak irautea nahi ba dugu zinetan, batasunaren alde zinetan jokatu behar dugula Eta, batez ere, euskeraren eta euskera batuaren alde bagaude, prest egon behar dugula, ezin-besteko izango baita, etxekoak utzi eta besterenak artzeko, arrazoizko baldin badirudi.
- Alaxe derizkiot: eta egin danaren fede ona erakusteko, komeni da lan hori zuk nola egin zendunaren berri guk izatea; baliteke honen zabalkundea gure egin-beharraren- eragille izatea; zer egiten ari geran jakin nahi izaten baitugu. Ba dakit zuk zerez bakarrik egindako lana ez dala.
-Ez da iñola ere! Nik nere ofizioa ba dut, eta lanak ere izaten ditut; ez dut, egia esan, neretik kanporako lan gehiegi egiteko astirik izaten. Euskaltzaindiak bere 50go urte-urrena dala-ta jaia ospatzeko betiko bere batasun kezka hau aztertu nahi izan zuan. Orain arte ez zan gehiegizko urratsik egin bide hontatik, eta ni ez nintzan batzar batean (ni Salamanean nintzala ) artu zuan Euskaltzaindiak ni batzorde horretako buru izentatzeko erabakia; nik erru asko izan nezazke batzar hontan egin ziran lan hoietan, baiñan batere ez dut ni izentatzeko Euskaltzaindiak artu zuan erabaki hontan. Eztabaida eta polemika bizina aztertu ziran 1anak Arantzazun; batzuk maiori ixilla edo aitatzen dute azterketa hoien buruz, eta nik esaten dut, maiori horrek ere nolabait izan zuala itz egiteko bidea, eta itz egin behar duala iritzi hori nolakoa dan jakiteko.
- H horren alde gehiegi eman ote zanaren kexak entzun ditut maiz; letra honekin, behar zan baiño gehiago nahastu dugula izkuntza, alegia.
- Nahi duanak errextu lezake bere idaz-bidea. Nola nahi, bide bat behar dugu elkar egiteko. Arantzazun egin ziran lanak, leialki eta funtsez egiñak izan ziran, eta Euskaltzaindiaren babesean eta bere gizonen bitartez. Langilleak izan zuten an lana! Artu zan neurri txiki hura ona dala uste dut..., jarraituko bagenio. Gaiñontzekoak, ibilli-ibilliz joango dira geratzen edo joaten; hori geroak, eta erriak, noski, esango du.
Ulertu behar genduke- esaten diot -ez gerala asmaketa batekin jostaketan ari; batasun lan hau lan-bidez artu behar dugula; eta ez gera, noski, lan hau izan dugun erri bakarra...
- Bai zera...! Serbo-kroatek ere Yugoslabia sortu aurretik auzi berbera izan zuten: alderdi batzuetakoek h erabiltzen zuten, bestekoek ez; azkenean h sartu zuten. Gure kontua hau da: euskerak duan orokor edo elkarrekikoa arkitu nahi badugu, inguruko bereizkuntzak baztertu behar ditugula. Nik (seme) "semia" esaten dut, baiñan konturatzen naiz "seme bat" esanten dutala, eta orduan semiaren azpitik dago semea, eta ogiya, ogiye, ogije hoien azpitik ogi bat esaten dutala. Guk egiña saio bat izan da; euskera guziak izan dezaketen funts hori arkitzea izan da gure asmoa. Beharrezkoa baitugu. Nik ez dut esaten guk egin duguna lege denik; ni arritzen nauena da, guk eskeiñi genduanaren aldamenean iñork ez duala besterik jartzen.
 -Batzuk diotena da- esan nion bukatzeko- h gabeko lehengo euskera ondo zegoala.
- Baina batasunik gabea!
- Alaxe da.

- Danak batasuna nahi dugu itzez- esaten dit Mitxelena jaunak amaitzeko- baiñan modelo bat atera danean, aurka daudenak ez dute beste ordeko bat erakusten.

jueves, 20 de agosto de 2015

LUBAKIETAN LATINA IKASTEN


0820_kul_mitxe3
Gaur ehun urte jaio zen Koldo Mitxelena, Euskal Herriak eman duen hizkuntzalaririk handiena. Martin Ugaldek (“Hablando con los vascos”) eta Eugenio Ibartzabalek berari eskaini zion liburuan elkarrizketa luze bana egin zioten, baina Koldo Mitxelenaren bizitza txiki sentiarazten gaituzten horietakoa da eta biografia lodikote bat idazteko balioko luke.
Baluke biografia horrek aro epiko bat, gerrari dagokiona. Hogeita bat urterekin joan zen gudari, uniformearen ordez buzoa eta fusilaren ordez eskopeta bat zeramala, eta sorterritik gertu, Usurbilgo Andatza mendian, jaso zuen suaren bataioa. Bere kideek kontatzen dutenez, Bizkaiko lubakietan, fusila zuen dagoeneko eskuetan, baina sakelan latinezko gramatika bat eta Lizardiren poema liburua zeramatzan gordeta eta tiro saioen artean, atsedenaldietan, bi liburu horietako bat irakurtzen aritzen zen. Santoñan preso hartu zutelarik, heriotzara kondenatu zuten. El Dueson, Larrinagan eta Burgosen egin zuen espetxealdia.
Saiatu zen ikasketa unibertsitarioei heltzen, baina ezinezkoa izan zuen. Burgosen igaro zituen bost urteak latina, grekoa, frantsesa eta ingelesa ikasteko baliatu zituen. Errenteriara itzuli eta zituen aurrekari penalak tarteko ezinezkoa zitzaion lan finko bat aurkitzea. Eskualdeko ikastetxeetan latina, matematikak eta zernahi den erakusten ibili ondoren herriko enpresari batek Madrilen eskaini zion lana, baina Galeuska berrantolatzen hasi zirela-eta, bigarrenez eraman zuten espetxera. Baluke, beraz, biografia horrek atal bat klandestinitateari eskainia ere, arriskuz eta intrigaz josia, ezezagunagoa.
1948an atera zen kartzelatik, Matilde Martinez de Illarduyarekin ezkondu eta libretik matrikulatu zen Madrilgo Unibertsitate Zentraleko Filosofia eta Letrak fakultatean. Ohitua zegoen Koldo Mitxelena lan eginez ikasten, Batxilergoa ere horrelaxe bukatu baitzuen 1935ean. Ohorezko aipamenarekin atera zuen lizentziatura. Manuel Agud Querol filologoak elkarrizketa batean esan zuenez, unibertsitate horren historian matrikula librearekin lortutako ohorezko aipamen bakarra izan zen. Ordurako Madrilen jarrera arras ezberdinetako jendearekin harreman estuak zituen unibertsitate giroan, Antonio Tovar, Amoros, Manuel Agud Querolekin berarekin, hiru bakarrik aipatzearren.
1952an euskaltzain
«Lubakietan latina eta espetxean hizkuntzak ikasitako hizkuntzalaria zen, neurri handi batean autodidakta, beraz. Jakituria zabala zuen eta jakin-min izugarria. Nire anaia Xabierrek Ekonomia ikasi zuen Bilbon eta bazuten Analisi Matematikoak ematen zuen irakasle bat. Harekin joan omen ziren behin multzoen teoriari buruzko hitzaldi batera eta han agertu omen zen Mitxelena izeneko tipo bat, galderak egiten hasi eta bertan bildu zirenei mila buelta ematen zizkiena. Oso ikuspegi zabala zuen. Chomsky ere berak ekarri zuen inguru hauetara. Hizkuntzalaritza teorikoan, metodo konparatiboan, protohizkuntzei buruz egin zituen lanak atzerrian irakurri egiten zizkioten. Pertsonaia apasionantea da Mitxelena», dio hura ezagutzeko arrazoi asko dituen Ibon Sarasolak, harekin lanean urte asko emandakoa baita.
Euskararen arloan etapa berri bat zabaldu zuen Mitxelenak, Sarasolaren ustez: «Mende hasieran euskalaritza mugitzen hasi zenetik bi eratako jendea zegoen gure artean: euskara ondo ezagutu bai baina hizkuntzalaritza eguneratu gabe zutenak, batetik; eta bestetik, hizkuntzalaritzan punta-puntan zebiltzanak baina euskara menderatzen ez zutenak. Mitxelenak formazio zientifikoa eta euskararekiko ezagutza batu zituen».
Mitxelena 1952an sartu zen Euskaltzaindian eta oso urte gutxira Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés hiztegiaren bigarren argitalpena prestatzeko agindua eman zioten. «Agindu hori zela medio hasi zen Mitxelena hiztegigintzan. Bera bigarren edizioa prestatzen ari zela, Retanak lehena bere horretan atera zuen euskaltzain bakan batzuen laguntzarekin eta orduan erabaki zuen Euskaltzaindiak zerotik hastea. Nik 70 inguruan ezagutu nuenerako urte asko zeramatzan Orotariko Euskal Hiztegia osatzeko fitxak egiten. Zapata kaxa pila zuen fitxaz beteta. Handik urte batzuetara gure taldera errenteriar bat sartu zen, Fermin Larrea izeneko informatikari oso on bat, eta fitxak ikusi zituenean harrituta geratu zen. ‘¡Si Matilde nos invitaba a merendar y nos ponía a confeccionar estas fichas!’ esaten zuen, nonbait liburu eta aldizkarietako testuak itsatsi behar izaten zituzten orrietan. Koldo Mitxelenak berak mozten zituen eta emazteak jartzen zuen jendea fitxak egiten. Gero, fitxa horietako bakoitzean aurkitzen zituen beste hainbat erreferentzia kopiatuz joaten zen eta azkenean ez zegoen hura ulertuko zuenik. Alde horretatik oso kaotikoa zen, fitxa bakoitzean dozena bat gezi jartzen zituelako eta beste hainbat erreferentzia. Informatikaren erabilerak berrikuntza bat ekarri zuen, baina garrantzitsuagoa izan zen Mitxelenaren planteamendu berritzailea, euskarazko testu produkzio osoa hartu baitzuen Orotarikoak», dio Sarasolak.
Nola zegoen hiztegigintza une horretan Europan? Sarasolaren ustetan, ikuspegi eta bitarteko hauekin hiztegi bat egiten lehenetakoak izan ginen, «halaxe suertatu zelako».
Gandiagarekin kantuan
Salamancan urtebete eman zuten elkarrekin, etxe berean biziz, eta Gasteizen EHUren sorreran ere elkarren ondoan ibili ziren. Euskara batuaren sorrerako batzarretan ere elkarrekin ziren. «Bera EAJko guardia zaharrekoa zen eta kontuan izan behar da alderdiko jende gehiena kontra izan zuela. Gerora, Eusko Jaurlaritza eratzen denean egia da ez zela izan zalantzarik, baina horretan pertsona giltzarria Pedro Migel Etxenike izan zen. Garaikoetxeak Etxenike Kulturan jarri beharrean guardia zaharreko beste norbait jarri izan balu, euskara batua ez zen aurrera aterako, irakaskuntzari esker atera zelako aurrera neurri handi batean. Ondoren, ‘Deia’-k eta ‘Egin’-ek batuaren aldeko hautua egin zuten eta horrek ere eragin handia izan zuen», gogoratu du Sarasolak.
Arantzazuko batzarretara Arestirekin joaten ziren Sarasola eta Saizarbitoria. Eta han zegoen tentsioaz gogoratzen da orain. Giroa pixka bat baretze aldera behin Gandiagak kantuan jarri omen zituen. Euskaltzain ez gutxi kontra zeuden. Egoera hain muturrera iritsi zen, non horietako bat, Anizeto Zugasti apaiza, erakundetik botatzera iritsi ziren. «Interesgarria izango zen batzar horietako kronika humanoak egin izan balira», dio.
Gutxiago, baina Anjel Lertxundik ere harreman dezentea izan zuen Mitxelenarekin eta harreman estuagoa bere obrarekin, haren euskarazko prosaren antologia bat prestatu baitzuen “Koldo Mitxelena gure artean” izenburuarekin. «Batuaren aurretik batuaz idazten zuen berak, ortografia mailako huskeria batzuk gorabehera. Aresti euskara baturako proposamen bat lantzen ari zen bezalaxe, Lizarragan oinarritua, izen-abizenak jartzen hasita, Koldo Mitxelenak etiketarik erabili gabe baina praktikan proposamen bat plazaratu zuen, hain zuzen ere gero aurrera aterako zen bidea», dio Lertxundik.
«Bere idazteko ereduak erdarazkoak ziren noski, baina diskurtsoak euskarara ekarri eta erritmo bat ematen saiatzen zen eta asmatu egiten zuen, hain zuzen ere oraindik asmatzen ez dugun horretan: diskurtso luze batean hizkuntzak berak ematen dizkigun arnasaldiak aurkitzen. Jario itxuraz natural hori lortzen zen oso ona», gogoratu du.
Zinema eta literatura ziren Koldo Mitxelenaren arlo kutunetako bi. Gogoratu behar da Donostiako Zinemaldian epaimahaiko izan zela 80ko hamarkada hasieran. Literaturaz ere, bestalde, «oso jantzia zen. Nik askotan esan izan dut bere ‘Historia de la literatura vasca’ liburuan ez dagoela esaldi bakar bat sobera, ez dago batere erretorikarik eta lehendabiziko aldiz euskal literatura Europako testuinguruan kokatzea lortzen du, gure produkzioa garaian garaiko mugimendu eta korronteen baitan jarriz. Harrigarria da zenbat informazio zuen garaiko literaturaz».
Koldo Mitxelena ezagutu zuten guztiek bezala, Anjel Lertxundik ere hari buruzko hainbat pasadizo kontatzen ditu. Ramon Piñeiro galegistak kontatu omen zion iheska ibili zen batean Koldo Mitxelenari deitu eta honek nola lagundu zion gauez Bidasoko muga pasatzen. Sekulako izotza egiten omen zuen eta larrialdiak igaro omen zituzten oinetakoekin hotsak ateratzen zituztelako pauso bakoitze





MITXELENA

Nik aparejadore lana egin nuen Koldok utzi zizkidan planoekin eta lantaldearekin batera haren Hiztegiaren etxe osoa eraikitzeko». Ibon Sarasolaren metafora txoil egokia gertatzen zait egunkari honek eginiko galderari erantzuteko, alegia, Mitxelenaren ideiek egun oraindik ere bizirik jarraitzen ote duten. Esan dezadan hemendik aurrerakoa nire ikuspegi (ia) hutsari zor zaiola.

Sarasolak ahotan duen Orotariko Euskal Hiztegia-ren etxea (eguneroko idazkuntzan babesten gaituen «gure» etxea) egiteko ez ezik, esku artean ditugun eta erabiltzen ditugun beste plano baliagarri batzuk ere utzi dizkigu Koldo Mitxelena errenteriarrak; etxe handiago bat eraiki eta, ahal dela, zutik iraunarazteko «planoak». Mitxelenaren 1978ko hitzok ongi baino hobeki ispilatzen dute plano (edo egitasmo) orokorraren goiburua: «Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntz artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia». Bestela esan, euskaraz normaltasunez aritu ahal izatea edozertaz, nonahi, noiznahi, munduko hizkuntza askoren maila berean.

Nekez uka daiteke, 2015ean ere, ideia horren gaurkotasuna eta balioa. Nola baztertu egitasmo horrek eskakizun dituen hizkuntza prestatu eta egokitzea, eta tresna hori nonahi erabili ahal izateko gizarte eta administrazioko antolamendua? Egungo (inoizko?) egoerarako pentsatuak dirudite, besteak beste, lanotan adierazten dituen ideia askok: Euskal literaturaren etorkizuna euskaraz argitaratu zuen lehen artikulua (1951), batasun bideari ekin ondoko (1978) Euskararen bide luze bezain malkarrak eta Ibon Sarasolaren Hauta Lanerako Euskal Hiztegia-ri eskaini zionAurkezpena (Euskal Hiztegian Atarikoak bihurtua). Hara igortzen dugu irakurlea.

«Planoak» egin eta Euskaltzaindiak eskatuta onartu zuen euskara batuaren «tarteko» edo «ofizial(e)a» izatea, garbi baitzeukan kode batua izan ezean nekez bilatuko zuela euskarak «bere tokia hizkuntzen artean». Inork asma al dezake egun euskara baturik gabeko kode estandar erabilgarririk administrazioan, hedabide zabaletan, hezkuntzan...?

Mitxelenak igeltsero, arotz, hargin... lana ere egin zuen «etxea» eraikitzen: adreiluak, zurajea, lehengaiak euskal testu zaharretan (linguistika diakronikoaren laguntzaz) bilatu zituen. Mitxelenak utzi dizkigun lanak (gisa guztietakoak hartuta, zazpiehun baino gehiago) egitasmo zabal honetan kokatzekoak dira. Euskara noranahiko «gainerakoen mailakoak» oinarriak behar ditu, eta horretarako euskararen historiaren berri sakona izatea nahitaezkoa da. Hementxe datza iritzi-usteen gainean, datuen balioaren aldarrikapena.

Koldo Mitxelenak ugari idatzi du euskararen historiaz: gramatika historikoaz (bigarren kartzelalditik atera eta hurrengo urtean (1949) argitaratu zuen lehen artikulua Notas de gramática histórica vasca da), etimologiaz, lexikoaz... Eta buruen-buruenik,Fonética Histórica Vasca doktore-tesia gauzatu zuen, Euskal Filologiaren oinarria, Euskal Filologiako oraingo (betiko?) ikasleen eskuliburu ezinutzizkoa.

Deskripziotik gorantz eginez, gertakari linguistikoen teorizazioa ere egin zuen eta Filologia eta Linguistikako ereduak eta teoriak euskarara erakarri zituen —Teoriari egin zizkion ekarriak (Lenguas y protolenguas!), teoria «berrien» dibulgatzaile izatea (Linguistika berriaren berri onak, 1968koa!) inolaz ere baztertu gabe—. Lehen aldiz gertatu da historian pertsona berak beragan batzea teori(ar)en eta aztergaiaren, euskararen, ezaupide sakona. Koldo Mitxelena da Euskal Filologia-Hizkuntzalaritzetako lehen zientifikoa. Egun ere ezinezkoa da euskararen gramatikan (zentzu zabalean) eta batez ere historian aurrera egitea Koldo Mitxelenaren bibliografiara jo gabe.

1960an argitaratu zuen euskal literaturaren historia, doktore tesia aurkeztu (1959) eta argitaratu (1961) bitarteko urtean. Galdetzekoa da nola moldatu zen Mitxelena garai hartan, baliabide eskas haiekin halako lan zorrotz eta heldua kanporatzeko eta, gainera, aldi berean beste hamaika lan egin behar zituela kontuan hartuta. Historia de la literatura vasca-k ez du bere balioa galdu 55 urte igarota ere. 

Historia egiteko errealitatea begi kritikoz aztertu behar da; zientziak ezinbestekoak dituen begi kritikoez. Horrela jokatu zuen Koldo Mitxelenak bai Historia egitean eta baita aldizkarietan (Emerita-n, Boletín de Amigos del País-en, Egan-en...) argitaratu zituen erreseina eta kritiketan ere. Literatur lanen, Filologia-Hizkuntzalaritzetakoen iruzkin-kritikei ere zuzendu zien kritikaren begi zorrotza.

Kritikaren ildoan, Koldo Mitxelenari aitortu behar zaio garai batean (1954-1961) plazaratu ziren film askoren kritikak euskaraz argitaratu izanaren lehentasuna (esan dezagun bidenabar, 1978an Donostiako zinemaldiko epaimahaikidea ere izan zela). Alde honetatik, Mitxelena har daiteke kazetaritzako iritzi generoko prosa euskaraz urratzearen aitzindaritzat.

Mitxelenaren prosak eta gainerakoek askoz gehiago merezi dute orain arte eskainia baino, baina hementxe utzi beharko «euskara noranahikoaren etxearen» osagaien zerrenda.

Koldo Mitxelena Elissalt sortu zela mende bat joan da, lehen artikulua (gaztelaniaz) argitaratu zuela ere badira 66 urte. Denbora badoa, baina lanez lan eta ideiaz ideia iraupena zertan den neurtu ez badugu ere erakutsi uste dugu haren ideiek bizirik jarraitzen dutela eta bizirik jarraitzeko arrazoiek ere bizirik dirautela. 

Hori aitortzea bezain garrantzitsua iruditzen zait, ordea, kontu sakonago bat aipatzea: Koldo Mitxelenaren jokamolde etikoa. Koldo Mitxelena gizon konprometitua izan zen, herri bateko parte sentitzen zen eta aldian-aldian parean egokitu zitzaionari bere modura erantzuteko ardura hartu zuen: gaztetan bere bizitza arriskuan jarrita; euskara batua zela eta, bere alderdi politiko barneko iritzi-talde batzuei aurre eginda; Salamancako Unibertsitate inguruko bizimodu bideratua utzi eta Euskal Herrira etorrita unibertsitatea sortu behar zelako...

Gaurkoa ez bide da egun desegokiena Mitxelenaren ideien bizitasunaz eta balioaz aritzeko, ezta haren idazlanak irakurrita ikasten eta gozatzen segitzeko ere.

viernes, 14 de agosto de 2015

ESTILO ZUZENETIK ZEHARKAKORA


Kultura

UDAKO SERIEA. EZKUTUKO EZINBESTEKOAK (IV). LAURENT DUFRECHE (HENDAIA, 1968)

Aurrean orri zuririk ez daukan idazlea


Bi alderdi ditu bere zereginak: teknikoa eta artistikoa. Bigarrena da inportanteena, orduan erabakitzen baitu, zuzendariarekin batera, zein ikuspegi emango dion filmari. Telmo Esnal, Asier Altuna eta Koldo Almandozen azken hamar urteotako pelikulen editorea da.

Orain berriro jaioterrian bizi arren,Laurent Dufrechek hogei urtetik gora egin zituen Madrilen.
Orain berriro jaioterrian bizi arren,Laurent Dufrechek hogei urtetik gora egin zituen Madrilen. JON URBE / ARGAZKI PRESS
2015-08-14 / Igor Susaeta
Bere burua eta bide batez bere ofizioa goresteko eta besteena gutxiesteko asmorik gabe dio, baita erdi lotsatuta eta irribarre txikiarekin esan ere, baina Laurent Dufrechek argi utzi nahi du bere lana ez dela soilik irudiak jostea, «planoak itsastea». Halere, zinema editorearen egitekoetako bat bada hori ere. Alderdi teknikoa dela zehaztu du protagonistak: «Materiala korritu, makinetan sartu, irudia eta soinua sinkronizatu, sailkatu...». Behin hori eginda, eta bi monitoreren aurrean eserita, zuzendariak eta editoreak, elkarrekin, prozesuaren bigarren zatiari heltzen diote, erabakigarrienari; alderdi «artistikoari», alegia. Filmatutako planoei banan-banan erreparatu, eta eztabaidatu iraupenaz, laukiratzeaz, ordenaz, erritmoaz eta beste, «harik eta elkarrekin ideia bat, ikuspegi bat adosten dugun arte». Betiere, hori bai, ikusiko denaren koherentzia eta narratibitatea lehenetsiz.

Iruditzen zaio Dufrecheri, beraz, zinema editorearen zeregina eta idazlearena parekatu daitezkeela nolabait. Inpresio hori eduki du beti, eta pentsatzen zuena berresteko balio izan zion Juan Jose Millas idazleak orain urte batzuk adierazi zionak. «Emakumezkoen barruko arropari buruzko dokumental bateko protagonista zen Millas. Harekin geundela, komentatu zigun editatzea zela idaztearen modukoa. Baietz nik, baina orri zuririk gabe, irudiak badauzkagu-eta». Besteak beste, Telmo Esnal, Asier Altuna eta Koldo Almandozen azken hamar urteotako lan gehienen editorea da aurrean orri zuririk ez duela idazten duen idazlea.

Bere lanbidea maite duela dio, eta ikasbidea hemezortzi urterekin hasi zuen Baionako BTS Audiovisuel eskolan. Telebistak teknikariz elikatzeko, 1980ko hamarkadaren erdialdean sortu zuten zentroa, Dufrechek azaldu duenez. «Sortzear zeuden kate pribatuen garaia zen...». Dena den, telebista baino gehiago interesatzen zaio, eta zitzaion, zinema. Ikasketa haiek bukatuta, 1989an Madrilera, frantziar batek zuzentzen zuen publizitate ekoiztetxe batera beharrera. Gizon hura zinema laborategi bat zuzentzen hasi zen, handik gutxira, beste kide batzuekin. «Gero Technicolor Madrid izango zena. Bideoaren sasoia zen, eta teknikoki berritzeko beharra zuten. Laborategiko teknikari hasi nintzen». Edizioak beti erakarri duenez, 1994an estudio batean hasi zen kolaboratzaile. «Edizio digitala lantzen hasita zeuden».

Han ezagutu zuen Pedro del Rey, besteak beste Luis BuñuelenViridiana (1961) eta Tristana (1970) filmak editatu zituena. «[Pedro] Almodovarren pelikulen editoreari ere lagundu nion, Pepe Salcedori. Alde batetik bestera ibili nintzen laguntzaile moduan. Nacho Ruiz Capillasekin, Julia Juanizekin...». Aupa Etxebeste!-ra arte (2005), laguntzaile gisa "«hartan Pite Piñasen ondoan»", eta geroztik, bere kabuz.

Hogei bat urte igaro zituen Madrilen, eta, lana dela-eta, Parisen eta Londresen ere bolada luzeak pasatakoa da; kamera enpresa batean, eta Spanish Fly (1998) filma editatzen, hurrenez hurren. Hendaia jaioterria du bizileku duela bizpahiru urtetik.

Badaki, onartzen du, jende gehienarentzat edizio lana eginkizun «apur bat iluna» dela. «Jendeak pentsatzen du pelikula idatzi egiten dela, filmatu, eta editatzen dela idatzita zegoen bezala». Eta ez da horrela izaten, ez. Rough cut-a deitutakoa "alderdi teknikoa" burutu ondoren konturatzen dira. «Gauza batzuek funtzionatzen dute gidoian idatzitakoaren arabera, baina beste batzuek ez. Egon daiteke arazo bat iraupenarekin, edo istorioa ez dela ulertzen, adibidez». Pelikula batzuek, beraz, berridazketa bat eskatzen dute. «Normalean, beti berridatzi behar izaten da zerbait». Asko edo gutxi? Filmaren arabera.

Edizio gelan hartutako erabakiek zentzurik ba ote daukaten frogatzeko, AEBetan badira test screening direlakoak. Jendearen aurrean egindako proiekzioak dira. «Proba gisa egiten dira, eta, emanaldi bakoitzaren ondoren, jendearen erreakzioaren eta iritzien arabera, erabakitzen da pelikulari gauzak gehitu edo kendu». Euskal Herrian ere egiten dira, baina talde txikiagoetan, «ez ofizialki», Dufrecheren hitzetan.

Bi editore mota

Une horretara heldu aurretik, denbora asko igaro ohi da. Tarte horretan adierazten duten jarrera kontuan hartuta, bi editore mota bereiz daitezkeela uste du. Batetik daude filmari buruzko kontu asko jakin nahi dituztenak, eta bestetik detaile batzuei baino erreparatzen ez dietenak. «Bigarren multzokoa naiz ni. Hori gidoiaren irakurketan frogatzen da, esaterako». Behin edo bitan irakurtzen du, gero, irudiak ikusterakoan, «oraindik ere fresko egoteko». Dekoratuen nondik norakoekin tematzen direnak eta filmatze tokiak in situ ezagutu nahi dituztenak dira lehen multzokoak. «Nik nahiago editatu aurretik hainbeste elementu ez edukitzea».

Editoreak, gainera, «batez ere» planoen eta sekuentzien iraupenean eragin dezake. «Tira, egun, irudi digitalarekin, horiek moldatzeko geroz eta ahalmen handiagoa dago: planoak birlaukiratu, elementuak planotik atera...».

Hortaz, batak alde baterantz bultza egiten duelako eta besteak besterantz, eztabaidak nahikoa ohikoak dira edizio gelan. «Izaten dira batzuk, bai!», aitortu du barrez. «Finean, kolaborazio lan bat da. Ni puntu batera iristen naiz, eta zuzendariari proposatzen diot. Berak beste puntu batera eramaten nau, eta nik ikusi egiten dut. Gero, beste puntu batera heltzen gara». Hori bai, editoreak eta editoreak daudela irizten dio. «Ni amore ematearen aldekoa naiz». Dena den, nabarmendu du Euskal Herriko zinemagileekin ez dituela hainbeste eztabaida eduki. «Izango da, agian, adiskidetasun bat dagoelako». Filma nork editatuko duen erabakitzeko orduan, zinemagileen artean «ahoz ahokoa» nagusitzen da orokorrean.

Editatzeko moduan badira aldeak gremiokoen artean. «Batzuek uste dute modu bakarra dagoela; niretzat, aldiz, mila daude». Irizpide arazoren bat dagoenean, ahalegintzen da koherentziari eusten. «Gerta daitekeen okerrena da film baten erdia editatzea editoreak nahi bezala eta bestea zuzendariaren gustuan». Gertatu dira eta gertatzen dira halakoak, eta nabaritzen du; narratibitatean, adibidez. «Hori da inportanteena». Nola kontatzen den istorioa, alegia. Beraz, pelikula batzuetan sekuentzia asko kentzen dira, «borobiltzaileak direlako, istorioa gelditzen dutelako...». Kasu batzuetan, filmaren ikuspegia ere, kontatzeko modua irauli izan dute edizio gelaren ilunean...

Horrenbestez, ekoizlea edo ekoizleak haserretu daitezke. «Tira, zuzendaria egoten da haien eta gure artean», dio umorez. «Euskal Herrian, gainera, ekoiztetxeko norbait izaten da zuzendaria; begira Moriarti Produkzioen eta Txintxua Filmsen kasuak». Aktoreak ere pipertu daitezke. «Bai, baina, itzalean gaudenez, ez dugu hainbesteko harremanik haiekin [barrez]». Gainera, Caroline Biggerstaff editorearengandik (Nine 1/2 Weeks, 1986) ikasi zuen aktoreei erreparatzen. «Oso estatubatuarra da kontzeptu hori».

Bestela, erreferentziak aipatzerakoan, irakasle izan dituenengana jo du. «Denbora askoan izan naiz laguntzaile, eta denengandik ikasi dut». Carlos Saura eta Victor Ericerekin lan egindako Julia Juanizekin, esaterako, zehatza izaten ikasi zuen.

Fikziorako tentaziorik gabe

Dufrechek ezagutu ditu zinemagile ezagunak bere ibilian, baina inoiz ez du eduki zuzendari bihurtzeko tentaziorik. Halere, badaude kasuak, eta iruditzen zaio ofizioaren garapen logiko bat ere izan daitekeela. «Istorioekin eta narratibitatearekin lan egiten dugunez, asko ikasten da. David Pinillos eta Fernando Franco [Laherida, 2013], adibidez, editoreak dira berez, baina zuzendu dituzte jada zenbait fikzio».

Fikzioa baino gehiago nahiago ditu dokumentalak "«ausardia handia eduki behar da fikzio bateko makineria kudeatzeko»", eta zuzendu ditu pare bat: Casals, la música por la paz, RTVErentzako (2012), eta 500 gramos de vida (2012), etxe bereko Documentos TV saiorako. «Gidoia ez da hain zehaztua egoten, eta edizio prozesua sormenezkoagoa izaten da. Askatasun gehiago dagoenez, denbora gehiago pasatzen da». Bestela, editatu izan ditu filmak bi hilabetetan, eta besteren batean urtebete ere igaro du horretan. «Orokorrean, prozesu luzea da, eta ordu dezente egiten ditugu».

Kredituetan besterik ez da azaltzen lan hori egin dela. Hain egiteko ikusgarria ez denez, normalean ez dute aitorpenik jasotzen. Berdin zaio; sukaldean lan egiten dutela bota du barrez. «Behin pelikula bukatu eta estreinatzen dutenean, ondoren datorrena ez zait gehiegi interesatzen». Halere, ausartuko litzateke esatera «ego handikoak» ziur kexatzen direla aitorpen horren gabeziaz. «Zuzendariak deitu eta esaten badizu oso ondo dagoela, nahikoa». Hori bai, zinema «arte kolektiboa» den neurrian, azken emaitzaren erantzule sentitzen da %100ean.

Nahiz eta anekdota huts bezala kontatu, Dufrechek dio Madrilgo ECAM Ikus-Entzunezkoen eta Zinematografia eskolan ikasle dituen gazteen %80k zuzendari izan nahi dutela. «Geroago hasten dira ofizioa ikasten».

Gazte horiek ez zuten zeluloidea ukitu. Bai zinema egiterakoan eta baita editatzerakoan ere gertatutako aldaketa handienetako bat da zeluloidetik irudi digitalera igarotzearena. Dufrechek dio aldaketa bi fasetan gertatu zela. Ordenagailuarekin editatzen 1994aren bueltan hasi ziren, artean zeluloidean filmatzen zen arren. «Duela hamar bat urte hasi zen ia mundu guztia digitalean filmatzen. Espainiako zeluloide laborategi handiak orain pare bat urte itxi zituzten; beraz, ia behartuta gaude digitalean aritzera».

Pena eman zion, zinema laborategietan hasi zelako lanean; gustatzen zitzaiolako giro hura, «zeluloidearena». Badaki, ordea, askoz ere errazago lan egiten dela formatu digitalarekin. «Dena demokratizatu da. Duela hamabost urte, ia inork ez zekin zer zen editatzea; soilik laborategietakoek». Egun, gutxieneko ezagutza duen edonork editatu dezake bere etxean. «Lehia handiagoa da, baina abantaila bat badauka aldaketak: une oro adi egotera eta tekniko soilarena baino ekarpen handiagoa egitera behartzen zaitu».

Aupa Etxebeste!-ren erdia Madrilen editatu zutela gogoratzen du. «Amama, aldiz, dena hemen: soinua, efektu bereziak, kolorearen azken ukituak...». Eta Amama Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatuko duten filma aipatuta, Asier Altuna haren zuzendaria bildu da Pasai San Pedroko kafetegi baten terrazan egindako elkarrizketara. «Beste taberna horretara goaz», esan dio Dufrecheri. Geroxeago, Telmo Esnal ere pasatu da kafetegiaren paretik. Zain izango dituela jakinarazi dio editoreari. Haiekin hasi zen Euskal Herrian lanean. «Telmo [Esnal] oso-oso azkarra da; Asier [Altuna], oso intuitiboa; eta Koldo [Almandoz], oso artista. Suhartasunak batzen ditu».

Azken urteetan, beste diziplina artistiko baten bidez ere adierazi du bere ahala: musika sortu izan du zenbait lanetarako. Hobby baten modukoa da beretzat. Edizioa da benetan maite duena, nolanahi ere, eta horretan jarraitu nahi du. Ahal bada, narratiba «soilak» sortzen. Aki Kaurismaki jarri du adibidez gisa. «Edizio oinarrizkoa egiten du, aparteko ikusgarritasunik gabekoa». Kontrara, ariketa artistiko gisa «gehiegizko edizioa» duten lanak «gorrotatzera» hel daiteke. Dufrechek idaztea atsegin du; irudiekin, orri zuririk gabe, baina idaztea.

IGOR SUSAETA